Igeltseroa:

      Seguru konpainiari igeltsero galiziar batek emandako azalpena, izandako istripua nola gertatu zitzaion adieraziz:

      "Orain 10 urte igeltsero lanetan hasi nintzen. Istripua gertatu zen egunean ni bakarrik nengoen 6. solairuko adreiluzko orma bat egiten. Lana bukatutakoan 250 kg adreilu sobratu zirela ikusita, beheraino eskuz jaitsi beharrean, kupela txiki baten barruan sartzea eta 6. solairuan zegoen polea baten bidez jaistea erabaki nuen.

      Kupela soka batez lotu, poleatik pasa eta sokaren muturra behera bota nuen. Gero behera jaitsi nintzen eta soka beheko zutabe batean ondo lotu nuen.

      Berriro igo nintzen eta kupela 250 kg adreiluz bete ondoren behera jaitsi nintzen. Zutabetik soka askatu eta indarrez eutsi nion kupela poliki-poliki jaitsi zedin. (Puntu honetan 80 kg pisatzen dudala argitu beharrean nago). Orduan, ustekabez, sokak eramanda, oso azkar igotzen hasi nintzen kupela jaisten zen bitartean. Hirugarren pisuan jaisten zen kupelarekin topatu nintzen eta elkar jo genuen. Uste dut une hartan kaskezurra hautsi nuela. Igotzen jarraitu nuen nire behatzak polean trabatuta gelditu arte. (Hor behatzak eta eskumuturra hautsi nituen).

      Ia konorterik gabe, gelditzen zitzaizkidan indar guztiak sokari lotuta jarraitzeko erabili nituen. Baina une horretan kupelak behean jo eta bere behealdea puskatu zen, adreilu guztiak askatuz.

      Adreilurik gabeko kupelaren pisua nirea baino askoz txikiagoa zenez, beherantz erortzen hasi nintzen eta kupela, berriz, gorantz. Berriro hirugarren pisuan elkar jo genuenean, sudurra eta orkatila hautsi nituen. Txoke honi esker nire jaitsieraren abiadura moteldu eta lurrera ailegatu nintzenean hiru orno besterik ez nituen hautsi.

Baina lurrean nengoela, zeharo indarrik gabe gelditu nintzen eta sokak eskuetatik alde egin zidan. Horren ondorioz, goian zegoen kupela nire gainean erori zen bi hankak puskatuz."