PELLO ERROTA ESKOLAKO HISTORIA TXIKIA:

       Eskola egin zenean ( 1978an), Asteasuko eta Larraulgo ikasleak hartzeko egina izan zen ( urte batzutan Aiako auzo batzuetakoak ere hartu zituen). Haur Hezkuntzako eta OHO ko eskola izan da azken Hezkuntza Erreforma arte ( 96-97 ikasturtea). Pello Errota Ikastetxea Asteasuko KUKUTE ikastolarekin bat egin zen 82. 83. ikasturtean. Ikasturte horretan OHO ko 2. maila arte D eredua zabaldu zen; handik lau ikasturtera lortu zen ikasmaila guztiak D eredukoak izatea..

 

      1990ko hamarkada hasieran, ikasle kopurua gutxitzen hasi zenean, maila batzuk talde berean bildu beharrean aurkitu ginen. Horrekin batera  iristear zegoen Hezkuntza Erreforma  zela eta eskolako lan egiteko era egokitu eta irakasleriaren prestaketa burutu beharra zegoela ikusi genuen.

      Prestaketa horretan, elkarlanean aritzeko - irakasleok eta gurasoak-  talderen batean lana egitearen beharra sumatu genuen. Hori dela eta, Tolosaldean ordurako lanean ari zen ESKOLA TXIKITAKO TALDEAN sartzeko komenentziaz hitz egiten hasi ginen. Ikusten ziren  arrazoiak hauexek izan ziren:

       ·  Ezaugarri beretsuko irakasleria izatea: nekazal girokoak ugari, euskal elebakarrak neurri handi batean, antzeko kultura erreferentziak, ikasmaila bat baino gehiago talde berean ( gure kasuan ez guztietan)...

      ·  Hezkuntza Erreformarekin gure eskola HH eta LHko eskola izango zen aurrerantzean ( inguruko eskola txikien antzera).

      ·  Hezkuntza Erreformaren aurrean metodologi arloan landu beharrekoa taldean lantzearen abantaila.

      ·  Eskolako gurasoak, beste guraso taldeekin, elkarlanean aritzeko gune aproposa zela uste izatea.

      Era horretan hasi ginen lanean, irakasle taldeetan eta gurasoenetan parte hartuz. Ikasturtez ikasturte aztertu izan zen partaidetza eta jarraitzearen aldeko apustua egiten jarraitu genuen.

     2001-2002an “linea oso bat” osatu genuen eta ESKOLA TXIKIEK DUTEN EZAUGARRI nagusiena (ikasmailak bateratuta) edukitzeari utzi genion.

      Hortik aurrera handitzen joan gara eta gaur egun, 242 ikasleekin “linea eta erdiko” eskola bihurtu gara.